Ametsak
- Posted by mendizale
Mikel Saez de Urabain
Garai imajina ezinak bizitzen ari gara, une latzak hartu diren erabaki batzuen ondorioz, momentu arraroak gure egunerokoa hankaz gora jarri delako.
Mendi jarduerez idaztea atsegingo litzaidake, une lazgarri hauek arintzeko, tamalez oroitzapenetara jo beharko nuke. Edo agian, desesperazioak ez nau akabatu oraindik, ilusioz burutu nahi ditudan proiektuez idatzi nezake. Zeren denok garbi dugu momentu berezi hauetan mendira normaltasunez joatea ezinezkoa dugula, eta are gutxiago, joan bagara, txango horietaz idaztea.
Iragana ez dut berriro kontatu nahi, egin ditudan jarduera gehienen kronikak idatziak ditut jadanik, nire mendi aktibitateen istorioak momentuan idazten ditut bloggean.
Orainaz ezin dut idatzi, ez dut garaiko mendi jardunik, nire mendi aktibitate bakarra, une honetan, etxeko leihotik Txindokiren gailur ederra ikuskatzea da, nire buruan imajinazioz bide berriak trazatzen askotan.
Etorkizunaz idatzi nezakeen, egin nahi ditudan eskaladak azaldu, momentuz bertan behera geratu diren proiektuez. !!! Hori egingo dut ¡¡¡. Zeren ez dut etsi, mendi ilusioak egunerokotasunean laguntzen dit, al dudanean burutuko ditudan eskaladak sostengua dira niretzat.
2020 urte egutegia bete betea nuen eskalada gaietan, hau ez da apartekoa nire bizitzan. Ez ohizkoa zena urte madarikatu honetan, espedizioetara itzultzen nintzela da. Aurten Indian eskalatzeko proiektu bat nuen esku artean, Bhagirathi 3 mendiaren hego mendebal ertzetik igo nahi nuen, Starway to Heaven bidetik, Garhwal Himalaya ikusgarrietan, alpinista baten amets zoroa asetzeko leku aparta.
Ez da erraza honelako proiektu bat martxan jartzea, gauza asko lotu behar ditugu etxetik atera aurretik, eta forma fisikoa ez da garrantzitsuena. Bizitza pertsonala eta tramite burokratiko aspergarri bezain garestiak zailagoak dira lotzen.
Lau lagun gindoazen espedizioan; Chemari, Madrileko eskalatzaile trebea, Alex Kammerlander, Alicanteko eskalatzaile aktiboa, Ekaitz Maiz, Nafar eskalatzaile indartsua eta ni, Ordiziar eskalatzaile beteranoa.
Asko idatzi nezake Bhagirathi 3 mendiari buruz, eskalada historietan oso emankorra da. Jakin-min bazarete hobe duzue Google erabiltzea, eta Ganges ibai sakratuaren iturburu den mendiaz informazioa bilatzea.
Azalduko dut guk eskalatu nahi genuen bidea, Starway to Heaven, Alemaniar talde batek zabaldu zuela, Walter Holzer eta Jorg Pflugmacher, 2004 urtean.
Bavaria eskualdeko bi eskalatzaile hauen asmoa, Bhagirathi 3 gailurra zapaltzearekin batera, hego mendebalde ertza era askean igotzea zen. Lehen helburua lortu zuten, gailurrera iritsi ziran, baina ez zuten ertz osoa era askean igotzerik izan. Gainera ertzaren azken zatian, baldintzan zirela eta, ez zuten bidea nahi eran ertzetik zuzendu, hego hormara pasatu behar izan ziran gailurrera iritsi ahal izateko.
Beraiekin hitz egin genuen eta, animatu gintuzten bidea hobetzen saiatzeko, hau da, era askean osorik eskalatu eta marra zuzenago bat egiteko, guk erronka horri eutsi genion.
Maiatza dugu India aldera irteteko data, ezinezkoa izango da, muga guztiak itxiak daude, mundua geratua dago.
Hurrengo urtera atzeratu beharko dugu espedizioa. Oraindik eskaladez betetako urte luze bat izango dut aurretik, honek itxaropena berpizten dit.
India exotikora joan gabe, gertuago, ba dut beste proiektu bat hasia. Aurten, Aritz Azkuerekin batera, Ziordia ertzetik doan bide bat zabaltzen hasi gara.
Bide hau deskribatzeko laudorio hitzez mugatua dago nire hiztegi pertsonala, asmoz eta gogoz beteak gaude bide honekin.
Oso aurreratua dugu eskalada, soilik bi edo hiru luze falta zaizkigu hormaren gailurra zapaltzeko.
Behetik eskalatzen teknika erabiliz ari gara bidea zabaltzen, modu garbi batean, mendi eskalada eginez, eta emaitza onak ematen ari da; Lehen luzea 6b atera da, bigarrena 7a+, 7a hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena 6b.
Kalitatezko eskalada euskal Herriko horma ezagunetariko batetan, harro eta ilusioz beteak egoteko proiektu bat.
Aurten gure elkartea sortu zela 75 urte beteko da. Ordiziako mendizale zuzendaritza zerrenda luze bat ekintza antolatzen ari dira, batzuk erronka garrantzitsu eta serioak, ez dakit nola amaituko den eromen hau. Nik, soilik, hitz leun hauek erabiliz, animoak bidali nahi dizkiet zuzendaritzakoei, goi-mendietako aire garbi bafada bat.